Inoizko antxoa gazte kopururik handiena erregistratu du AZTIk Bizkaiko golkoan

JUVENA 2014 kanpainaren emaitza zientifikoak argitaratu ditu AZTIk. Emaitzek adierazten dutenez, inoizko antxoa gazte kopururik handiena erregistratu dute Bizkaiko golkoan. 2003tik egiten du AZTIk neurketa hau, eta seriearen batezbestekoa halako lau da aurtengo kopurua.
inoizko-antxoa-gazte-kopururik-handiena-erregistra
Arg. AZTI

JUVENA 2014 kanpainaren bidez, antxoa gazteen ugaritasuna eta banaketa zehazten du AZTIk, eta haien biziraupenari eragiten dieten ingurumen-faktoreak aztertzen ditu. Horrela, hurrengo helduarora iritsiko diren antxoen biomasa-kantitatea aurresaten du. Datu horiek oso baliagarriak dira arrantzaren kudeaketan.

Aurtengo kanpaina irailean egin dute, eta emaitza oso ona izan da: datuen arabera, 724.000 tona inguru antxoa gazte zeuden Bizkaiko golkoan. Aurreko udaberrian jaioak dira antxoa gazte horiek.

AZTIko zuzendari gerente Rogelio Pozoren esanean, kalkulatutako ugaritasuna inoizko handiena da: “JUVENA (2003-2014) seriearen barnean, ia-ia seriearen batezbestekoa bider lau”. Pozok azpimarratu duenez, “hautemandako antxoa gaztearen biomasak iragartzen digu ezen, neguan aurreko urteetan izandako biziraupen-tasaren antzekoa izanez gero, probabilitate oso handia dagoela 2015ean antxoa helduen stockak ICES/CIEM Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluak ezarritako gehienezko biomasa (21.000 tona) gainditzeko”.

Eusko Jaurlaritza da ekimenaren bultzatzailea, eta, datuen aurrean, nabarmendu du emaitzek berresten dutela antxoa gaztea osasuntsu dagoela euskal kostaldean, eta horrek aukera ematen diela euskal arrantzaleei antxoa modu jasangarrian arrantzatzen jarraitzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila