Indio nitruroak erabilpen berriak

Indio nitruroak karga negatiboa pila dezake bere azalean, eta hori ez da batere ohikoa bera bezalako erdieroaleetan. Orain arte propietate hori zuen beste kasu bat baino ez zen ezagutzen, indio artseniuroarena.

Erdieroale gehienetan elektroi gutxiko gunea azaltzen da azalaren inguruan, eta horrek erresistentzia handia egiten du metalekin aleazioak sortzean. Baina arazo hori saihes liteke azalean elektroiz aberastuta dauden erdieroaleak sortuz gero.

Indio nitruroaren propietateak berraztertuz, kondizio egokiak izan ditzakeela aurkitu dute Erresuma Batuko eta AEBetako ikertzaileek. Laborategian elektroi-pilaketa lortu eta aleazioak galarazten dituzten hesiak desagerrarazi dituzte. Honek asko erraz dezake metal-erdieroale aleazioekin egindako material hibridoak egitea, eta optoelektronika arloan erabilpen ugari izan ditzake. Etorkizunean, indio nitruroaren eta harekin egindako aleazioen propietate elektronikoak ikertzeko asmoa dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila