Gibel-minbizi batzuetan immunoterapia zergatik ez den eraginkorra argitu dute lehen aldiz, eta tratamendu eraginkorrak probatzeko sagu eredu bat sortu dute. Lujambio laborategiko Marina Ruiz de Galarreta Martínez eta Amaia Lujanbio Goizueta ikertzaile nafarrek gidatu dute ikerketa (Mount Sinaiko Icahn Medikuntza Fakultatea, New York).
Ikertzaileek azaldu dutenez, gibel-minbizia seigarren ohikoena da, eta laugarren hilgarriena, ez baitago tratamendu eraginkorrik. Beste minbizi zail batzuetan, immunoterapia oso emaitza onak ematen ari da, adibidez, biriketako minbizian eta melanoman. Hain zuzen, immunitate-sistema tumore-zelulak suntsitzeko aktibatzea da immunoterapiaren funtsa.
Gibel-minbizian ere aurrerapen handiak egiten ari dira arlo horretan. Esaterako, kartzinoma hepatozelularrean (ohikoena, gibel-minbizien artean), tumore-zelulek immunoterapia eragozten duen geruza babesle bat sortzen dute. Beraz, tratamendu immunoterapeutikoa geruza hori kentzean oinarritzen da.
Hala ere, zenbait kasutan, hori ez da nahikoa. Ikertzaileek frogatu dutenez, beta-katenina proteinaren genearen aktibazioak (CTNNB1 genea) immunoterapiarekiko erresistentzia sortzen du, baita geruza babeslea kenduta ere. Hortik ondorioztatu dute immunoterapia eraginkorra ez den pazienteetan, beharbada, mutazioren bat izan dezakeela gene horrek.
Hori hobeto aztertzeko eta ordezko tratamenduak garatzeko, sagu eredu bat sortu dute, CRISPR-Cas 9 teknika erabilita. Cancer Discovery aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Elhuyarrek garatutako teknologia