Berkeley Unibertsitateko zientzialari-talde batek Ilargiaren azaleko talka-kraterrak aztertu ditu eta meteoritoen jarduerak historian zehar maila ziklikoak dituela ondorioztatu du. Jarduera-ziklo horiek Lurreko gertakizun biologiko nagusiekin bat egiten dutenez, meteoritoen bonbardaketa-mailak eta biziaren garapenak zerikusia dutela uste dute iketzaileek. Ilargira erori ziren meteoritoen arabera, duela 3,5 bilioi urte Eguzki Sistemak jarduera meteoriko handia izan zuen, kometa handiz eta asteroidez osatutako jarduera, batez ere. Garai hartan agertu zen bizia Lurrean, eta ordukoak dira ezagutzen diren bizi-aztarna zaharrenak. Paul R. Renne geofisikariaren ustez, izarrarteko espaziotik etorritako objektu horiek bizia sortzeko beharrezkoak izan ziren molekula organikoak ekarri zituzten Lurrera.
Duela 500 milioi urte jarduera handiko zikloa hasi zen, gaurdaino luzatu dena. Zikloaren hasiera Kambriarreko bizi-eztandarekin bat dator eta tamaina txikiko objektuez osaturik dago, batez ere. Zientzialarien ustez, izarrarteko hautsak ura, aminoazidoak eta bestelako molekula organikoak dakartza, biziaren etengabeko aldakuntza eta dibertsitatea ahalbideratuz eta, ondorioz, honen garapena ere bai. Objektu estralurtarrekin talka egitea hondamendia dela uste dugu, baina ikerketa honen arabera, historian zehar gertatu diren talkak biziaren garapenerako onuragarriak izan dira, gaurdaino behintzat.