2020/03/03
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Ilargiaren alde ezkutuaren egitura azaleratu dute
Arg. CLEP/CRAS/NAOC
Zientzialari talde batek hiru geruza bereizi ditu Ilargiaren alde ezkutuan dagoen Von Karman kraterraren azpian. Geruza horien
analisia Science Advances aldizkarian aurkeztu dute, CNSA Txinako Espazio Administrazio Nazionalaren Yutu-2 robotak eskuratutako lehen datuetan oinarrituta.
Iazko urtarrilaren 3an lurreratu zen Chang’e 4 espazio-ontzia Ilargiaren alde ezkutuan, eta barruan zeraman Yutu-2 robota atera zuen, inguruak esploratzeko. Robotak maiztasun handiko radarra erabili du lurpeko egitura aztertzeko. Horri esker, 40 metrora arteko sakontasunera arte informazioa erauzteko moduan egon dira ikertzaileak.
Ondorioztatu dutenez, hasierako geruza 12 inguru metrora arte luzatzen da, eta bertan oso lur fina dago, seguruenera meteoritoen talken eta eguzki-erradiazioaren ondorioz txikitutako arroken emaitza izanik. 24 metrora arte doan bigarren geruzan, berriz, metro erdi eta bi metro arteko harriak hauteman dituzte. Horiek meteorito talka baten hondarrak direlakoan daude zientzialariak. Zehazki, duela 3.200 milioi urte Von Karman kraterraren alboan dagoen Finsen kraterra sortu zuen talkaren ondorio direla uste dute. Azkenik, hirugarren geruza batean, lur nahasiagoa aurkitu dute, bertan lur finak eta arrokak tartekatzen direlarik. Azken geruza hori 40 metrora arte jarraitu ahal izan dute, handik behera radarrak eskainitako datuak ez direlako argiak izan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.