Australiaren mendebaldean aurkitutako zirkoi puska bat da lurrazalean solidotu zen material zaharrena. Wisconsin-Madison unibertsitateko ikertzaileen arabera, duela 4.400 milioi urte inguru sortu zen kristal hori; horrenbestez, lurrazala uste baino lehenago eratu zela ondorioztatu dute, Eguzki Sistema sortu eta 160 milioi urte geroago eratu zela kalkulatu baitute.
Ikertzaileek Nature Geoscience zientzia-aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Artikuluan azaldu dutenez, magma solidotzean, uranio- eta berun-atomoak harrapatuta geratu ziren kristalean, eta haien desintegrazio erradioaktiboaren ratioa aintzat hartuta lortu dute jakitea zer adin duen. Beste metodo batzuen bidez lortutako emaitzek ere bat egiten dute horrekin; hortaz, 6 milioi urteko errore-tartearekin, zirkoia duela 4.374 milioi urte eratu zela baieztatu dute.
Horrez gain, ikertzaileek Ilargiaren sorrerarekin lotu dute zirkoiaren eraketa. Hain zuzen ere, uste da garai hartan, Marteren neurriko astro batek Lurra jo zuela eta talka horren ondorioz sortu zela Ilargia. Aldi berean, talkak magma-itsaso bat sortu zuen Lurrean, eta magma kristaltzean eratu zen zirkoia.