Ilargia Lurraren zati bat da

Ilargiko mineralen isotopoen azterketak satelitearen jatorria argitu du

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

ilargia-lurraren-zati-bat-da

Zientzialariek uste dute Lurrak eta Theiak —Marteren tamaina zuen planeta bat— izandako talka batek sortu zuela Lurrak eta Ilargiak osatzen duten sistema. Talkaren ondorioz, materia asko geratu zen Lurraren inguruko orbitan, magma asko; grabitatearen eraginez, magma hori elkartu egin pixkanaka, eta Ilargia osatu zen. Baina ez zegoen argi zenbat magma zetorren Lurretik, eta zenbat, Theiatik. Nature Geoscience aldizkarian argitaratu den isotopoei buruzko azterketa batek argitu du zalantza: Ilargia sortu zuen materia ia guztia Lurretik datorrela, eta ez Theiatik.

Orain arteko hipotesi onenaren arabera, % 40 zetorren Theiatik. Baina hipotesi hori eztabaidan zegoen Ilargitik ekarritako mineralak aztertu zituztenetik. Oxigenoaren isotopoen azterketak erakusten zuen Lurrak talkaren aurretik zuen konposizio bera duela Ilargiak. Eta datu horren interpretazioa zen eztabaidaren muina: batzuen ustez, oxigenoaren isotopoen banaketa bera izateak adierazten du Ilargiaren materiaren jatorria Lurra besterik ez zela, baina beste batzuek uste dute Theiaren ekarpena ezin dela baztertu; litekeena da talka gertatu ondoren oxigeno-atomoek Lurraren atmosferatik ihes egitea kanpoko orbitara, eta isotopo jakin horiek Ilargiaren osagai bihurtu izana. Argudio horren arabera, oxigenoaren azterketa ez da Ilargiaren materia osoaren adierazgarri. Horregatik egin dute isotopoen azterketa bat, oxigenoa ez den atomo batean oinarrituta.

Lana Chicagoko Unibertsitatean egin dute, eta aukeratutako elementua titanioa da. Titanioak ezin izan du ihes egin Lurretik Ilargira, eta fidagarriagoa da Theiaren ekarpena aztertzeko. Emaitza oxigenoaren isotopoen kasuko bera izan da, alegia, Lurrak eta Ilargiak isotopo-konposizio bera dutela. Beraz, Ilargiaren materia ia guztiak Lur zaharrean du jatorria.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila