Ikusmena eta ukimena elkartuta daude enbrioan, eta jaiotakoan bereizten dira

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

ikusmena-eta-ukimena-elkartuta-daude-enbrioan-eta
Sagu baten kortexaren aktibitatea jaio berritan, ezkerrean, eta erretinako uhinak blokeatu zaizkion beste batena, eskuinean. Arg. Alancanteko Neurozientzien Institutua, CSIC-UMH

Saguetan egindako esperimentuetan frogatu dute ikusmena eta ukimena batera aktibatzen direla enbrioan. Science aldizkarian argitaratu da ikerketa, eta, haren arabera, bi zentzumenak jaiotzean bereizten dira, erretinak igortzen dituen aktibitate-uhinen eraginez.

Ikerketaren egileek, Alacanteko Neurozientzien Institutuko ikertzaileek frogatu dute, in vivo, sagu-enbrioiak ukimen-estimulu batekin kitzikatuz gero, kortex somatosentsorial primarioarekin batera (ukimenaz arduratzen den eremuetako bat), ikusmen-kortexa ere aktibatzen dela. Bateratze hori erditu bezperan baieztatu zuten; jaio ondoren, ordea, zentzumenak banatuta zeuden. Eta ikusi dute horretarako ezinbestekoa dela erretinatik aktibitate-uhinak iristea.

Bi zentzumenen bereizketa goi kolikulua izeneko egitura batean gertatzen da, jaiotzaren inguruko denbora-tarte jakin batean. Hain zuzen, jaiotakoan erretinako seinaleak blokeatuz gero, bi zentzumenek nahasita jarraitzen dute goi kolikuluan. Horren ondorioz, saguek ikusmen-arazoak dituzte.

Horrenbestez, ikerketak agerian jarri du bi zentzumenak bereizteko denbora-tarte horren garrantzia: goi kolikuluan bereizketa atzeratzen bada, ukimenaren eta ikusmenaren nahasmendu iraunkorra sortzen da.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila