Zientzia-fikzioan ez da arraroa zerbait ikusezin bihurtzea estalki berezi batez bilduz gero. Orain, fikzioa errealitate bihurtzeko modua proposatu dute AEBetako Filadelfia Unibertsitateko fisikari batzuek.
Orain arte probatu diren estalkiekin, objektuak hondoaren antza hartzen zuen. Horri esker, ez nabaritzea lortzen zen, ezkutatzea. Adibidez, Ipar Karolinako ikertzaile batek argia detektatzen eta igortzen zuen sistema bat asmatu zuen. Sistemak hondoa proiektatzen zuen ezkutatu nahi zuen objektuan, eta, hala, nolabait ikusezin bihurtzen zuen.
Filadelfiakoek, ordea, ez dute halakorik proposatzen, estalki edo ezkutu bat baizik. Hori erabilita, angelu guztietatik bihurtzen du ikusezin objektua. Gakoa objektuak islatzen duen argia eragoztean dago. Objektu batek ez badu argirik xurgatzen ez islatzen, ezin da ikusi. Beraz, ikertzaileek plasmonezko estalki bat erabiltzea proposatu dute.
Plasmonak elektroi-uhinak dira, metalen azalean erritmikoki mugitzen direnak. Objektu bat plasmonez inguratuz gero, ikusezin bihurtzen da, estalkiak ez diolako argiari ihes egiten uzten. Nolanahi ere, estalkia ez da magikoa, ez du edozein objektutarako balio; material bakoitzerako sortu behar da uhin-luzera egokia duen plasmonezko estalkia.