Joan den hamarkadan enpresa askotan I+G izenez ezagutzen diren sailak zabaldu ziren. Beren helburuak, besteak beste, produktuen kalitatea hobetzea, fabrikazio prozedurak optimizatzea eta produktibitatea versus bitartekoak erlazioa ahalik eta handiena izatea ziren. Emaitzei begiratuz, oro har produktuen kalitatea hobetu eta lantegien automatizazio-maila areagotu egin dela esan daiteke. Hortaz, egun orain dela hamar urteko produkzioa lortzeko askoz ere denbora eta eskulan gutxiago behar da.
Euskal Herrian, Europa osoan bezala, sortutako eskulan-soberakina enpresetako I+G sailen emaitzetako bat ere bada eta hurrengo urteetan areagotu egingo da egoera hori.
I+G sailen eraginez bestetik, teknologia desberdinetan lortutako aurrerakadak handiak izan dira eta gainera garai batean ez zeuden teknologiak sortu dira; teknologia berriak esanda ezagutzen ditugunak, hain zuzen ere. Teknologia berriek ohizko produktuen produkzioan aldaketa nabariak inplementatzea ezezik, produktu eta zerbitzu berriak sortzeko bidea zabaldu dute.
Produktu eta zerbitzu berrietan datza, hain zuzen ere, ekonomi garapenaren hurrengo aroa. Irudimenaren ekonomiarantz goazela uste dut eta gaur egungo finantza- zein enpresa-egiturak irauli egin beharko direla ere bai. Zurruntasuna da enpresen egituretan eta pertsonalaren formazioan aurki daitekeen ezaugarririk arruntenetakoa eta hori izaten da berrikuntzak topatzen duen etsai nagusia.
Zurruntasuna malgutasun bihurtzen den neurrian ateak irekiko zaizkio irudimenezko ekonomiari. Nola lortu hori?
Lehenbizi hezkuntza-planak egokitu behar dira. Zientzia eta letrak aparteko bi mundu izan badira ere, zubiak ipintzen hasi behar da teknokrata gutxiago eta zientzilari gehiago sor daitezen.
Enpresaren alorrean enpresen arteko koalizio berriak behar dira, bakoitzak dakiena emanez produktu berriak sortzea posible izan dadin. Koalizio hauek ez dute zertan sektore bereko enpresen artekoak izan beharrik; baizik eta egun zerikusirik ez duten sektoreen artekoak ere izan beharko dute.
Merkatuaren muga geografikoak desagertzeak produktuen eta informazioaren zirkulazioaren hazkuntza ekarriko duenez, enpresek informazioaren eta hizkuntzaren teknologia inplementatu beharko dute beren produkzioan eta I+G sailetan; bai informazioa erabiltzeak eta bai hizkuntzak erabiltzeak, zenbait teknologiaren garapena beharko baitute.
Azkenik, administrazioek eta finantza entitateek ahalbidetu behar dute aipatu berrikuntza-prozesua. Administrazio publikoak hezkuntzan eta epe desberdinetara antolatzen dituen plangintzetan, eta inbertsioetan beraz, hazia erein behar du eta finantza entitateek merkatu finantzarioaren ezaugarriak egokitu beharko dituzte. Egun, dirua mailegatzen duena berehalako errentagarritasunaren bila doa, baina, ideiak laguntzen hasi behar da eta ideiak gauzatzeko denbora behar denez, finantza entitateek baliabide ekonomikoak mailegatzeko garaian ekonomia berriranzko bidea erraztu egin behar dute.
Beraz, enpresetako I+G sailak enpresen arteko I+G sail bilakatu beharko dute produktu berriek behar duten teknologi elkarketak gauzatu ahal izateko. * Industri injinerua.