Ihauterietako antenak

Argazkian dakusazun “zuhaitza” epoxi erretxinaz “mozorrotutako” antena duzu, antzik hartzen ez bazaio ere.

Beheko argazkian ikusten duzun hori zer den galdetuz gero, irakurle, gehiegi begiratu gabe ‘zuhaitza’ erantzungo zenuke, ia seguru; konifero-itxura duela ere esango zeniguke, noski. Ba ez. Epoxi erretxinaz ‘mozorrotutako” antena da, antzik hartzen ez bazaio ere.

ARCNET, Larson eta AT&T izeneko konpainia estatubatuarrei otu zaie ideia. Ikusita telefono higikorrak gero eta ugariago direla bertan eta horrek errepetidore- eta antena-sarea handiagotzea ekarri duela, azpiegitura horrek sortzen duen arazo estetikoari modu horretan jarri nahi zaio konponbidea. Kontua da antenek, oso luzeak izanik, inpaktu handia sortzen dutela bazter guztietan. Kontua egin dezagun, soilik EEBBetan 38 milioi lagun inguruk erabiltzen duela telefono higikorra.

Antenak perretxikoak udazkenean bezala ugaritu dira bazter guztietan eta, dakigunez, horrek inpaktu ekologiko itzela sortzen du. Hiru konpainiek proposatu duten irtenbidea ez da sobera garestia eta, bistan denez, arazoa saihesteko balio du. Hurrengo hilabetetan palmondo- eta kaktus-itxurako “mozorroak” merkaturatuko direla iragarri dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila