Igelik txikiena

1993an igel-mota berria aurkitu zuten Kubako zientzilariek; igel txiki-txikia. Kubako Iberia Mendian topatu zituzten hiru ar eta eme bat 600 metroko altueran. Igeltxoari buruz gehiago jakin nahian, ikerketa ugari egin dute eta emaitzak joan den urtearen amaieran ezagutarazi zituzten: Eleutherodactylus generoko espeziea da eta Ipar Hemisferioko tetrapodo txikienatzat har daiteke. Zentimetro bat besterik ez du neurtzen eta Brazilgo beste igel txikitxo batekin errekorra banatzen du.

Kubako Iberia Mendian aurkitu dute zientzilariek argazkiko igeltxoa. Zentimetro bat besterik ez du neurtzen eta Ipar Hemisferioko tetrapodorik txikiena da. Txanponaren gainean ere, oso txikia ikusten da.

Kubako zientzilariek igel emea arrautza bakarra erruten ari zela topatu zuten. Ikerlarien ustez, anfibio ñimiñoak errunaldi bakoitzean arrautza bakarra erruten du kumeak oso txikiak jaio ez daitezen.

Kubako igel hori oso berezia bada ere, zientzilarientzat ez da izan ezusteko ikaragarria. Izan ere, Kuba animalia bitxi ugariren bizilekua da. Bertan bizi da munduko hegaztirik txikiena, muskerrik txikiena eta intsektibororik handiena.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila