Igel bitxiak Papua Ginea Berrian

Lyophryne shlaginhaufeni eta Sphenophryne cornuta igelak oso espezie bitxiak dira. Kumeen garapenean ez dute zapaburu-faserik, hau da, arrautzetatik zuzenean igel ñimiñoak jaiotzen dira. Izan ere, Papua Ginea Berria ez omen da oso toki aproposa zapaburuentzat.

Hori esan du, behintzat, Miamiko Unibertsitateko David Bickford biologoak. Igel horien hazkuntza aztertu du, eta ezohiko jarrera behatu du anfibio horietan. Esate baterako, aitak hartzen du kumeak zaintzearen ardura. Bickforden arabera, hori ez da maiz ikusten naturan.

Igeltxoek aitaren bizkarrari eusten diote, eta horrek gutxienez astebetez garraiatzen ditu basoaren toki batetik bestera. 28 kume izan ditzake aitak bizkar gainean. Gero, han eta hemen, kumeak askatu egiten dira bakoitzak bere bizitzari aurre egiteko. Non eta noiz askatu behar duten nola dakiten ez dago argi, baina ematen du senak gidatuta erabakitzen dutela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila