Igarobide ekologikoak

Balio ekologiko handiko guneak lotzeko igarobide ekologikoak ez dira gauza berria, noski. Hainbat tokitan aintzat ere hartzen dira azpiegitura eta bestelakoak egiterakoan, eta igarobideon baliagarritasunaz zalantza gutxi zuten ekologoek. Hala ere, ikerketa berri batek horien baliagarritasuna frogatu du azterketa genetikoen bidez.

Baso itxian bizi den lur-saguen espeziea (Clethrionomys gapperi) erabili dute horretarako eta hiru toki desberdinetan aztertu. Batetik, baso itxiz lotutako bi gunetako lur-saguak aztertu dituzte; bestetik, 15 m zabaleko eta baso trinkoa duen igarobidearekin lotutako bi basotakoak; eta, azkenik, zabalera bera baina baso gaztez osatutako igarobideak lotzen zituen bi basotakoak. Populazio-bikote bakoitza genetikoki aztertu eta populazio biren nahaste genetikoa igarobideko zuhaiztien trinkotasunaren araberakoa dela ikusi dute. Zenbat eta igarobide trinko eta itxiagoa, nahaste genetiko altuagoa ageri dute igarobideen muturretako populazioek.

Basoarekiko lotura ahulagoa duen eta habitatarekiko jeneralistagoa den beste lur-sagu espezie batean, nahaste genetikoak ez du loturarik igarobidearen kalitatearekin.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila