IBM etxeak ordenagilu erraldoia eraikiko du

IBM etxeak 1997an Kasparov xake-jokalaria garaitu zuen Deep Blue ordenagailu ezaguna baino mila aldiz indartsuagoa den ordenagailu erraldoia eraiki nahi du 2005 urterako. Blue Gene izena eman diote, 100 milioi $ balioko du eta mila bilioi eragiketa matematiko egingo ditu segundoko (egungo ordenagailurik indartsuenak 2 bilioi eragiketa egiten ditu segundoko). Ordenagailuak paraleloki lan egingo duten milioi bat mikroprozesadore izango ditu eta bakoitzak mila milioi operazio egingo ditu segundoko.

Mikroprozesadore bakoitzak oso eragiketa sinpleak egingo ditu eta ordenagailuak 8 milioi prozesu egin ahal izango ditu paraleloan; egungo muga 5.000 prozesukoa da. Kalkuluak egitean agertzen diren erroreak zuzentzeko gai izango da era berean. Ordenagailu erraldoiak 200 metro karratuko espazioa beteko du eta New York-en eraikiko da.

Eta hainbeste mila milioi eta bilioi zertarako? Blue Gene proteinen
sorrera kontrolatzen duten arauak ulertzeko erabiliko da. Proteinek gorputzaren kinada elektriko eta kimikoei segika egitura konplexuak osatzen dituzte eta ikertzaileek egitura horiek guztiak zehazki ezagutu nahi dituzte, proteinak itxura bat edo bestea izatea, osasunaren eta gaixotasunaren arteko muga baita askotan.

www.quebecscience.qc.ca

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila