Lerro hauen bidez proposatuko dugun ibilbide honek, Aizkorriko mendikatearen parean, paralelo, dagoen mendi-lerro ezezagunagora eramango gaitu, Urkillako mendikatera hain justu. Mendikate motz hau Elgeako mendilerroaren luzapentzat har dezakegu. Hemendik Urbiako zelaiguneetara erraz hurbilduko gara, ondoren, Urbiatik Arantzazura jaisten den bide ezagunetik itzuliz. Lau ordutan erraz egiten den ibilbide eder honetan, oso paisaje ezberdinetatik igarotzeko aukera izango dugu.
Ostera, Arantzazuko aparkalekuan hasiko dugu. Hemen, errekazulorantz jaisten diren eskailera estu batzuk aurkituko ditugu. Berauetan behera abiatzen bagara oso denbora gutxian metro asko jaitsiko gara, malda handia baita. Aldapa handienak saihesteko bidea ezker-eskuin biratzen da etengabe. Urkullu eta Begiolatza errekak batzen diren gunera iritsiko gara, han dagoen zubia zeharkatu eta ezkerretara dagoen bidea hartuko dugu, Begiolatza errekaren parean gora eginez. Hasieran, bi hormatzarren artean egingo dugu bidea. Eskuinera Aitzabal izango dugu, eta ezkerrera berriz, Bellostegi. Beste zubi bat igaro ondoren bailara txiki hau zabaldu egiten dela ikusiko dugu, eta pare-parean Erbizaskun-go tontorra ikusi ahal izango dugu.
Errekatxo bat gurutzatu eta gorantz jo ondoren, mendi-pista baterantz irtengo gara, hurrengo bidegurutzean eskuinerantz hartuz.
Hemendik Arrionako lepora aterako gara, Aizkorri eta Urkillako mendikateen mugara hain justu. Gune honetan PR arrastoak topatuko ditugu, eta eskuinerantz jarraituko diegu. Orain artean aldamenean izan ditugun pinuak alde batera utzi eta pagadi eder batean murgilduko gara. Trango-ko tontorraren ingurutik igaro ostean, Zurkutz-ko lepora iritsiko gara. Gune honetan, bi paisaje oso desberdin ikusteko aukera izango dugu: iparraldera, Urkillako pagadiak izango ditugu aurrez aurre, eta hegoaldera Arabako paisaje lau eta lehorragoa ikusiko dugu.
Mendebaldera joko dugu, bide-seinaleak bistatik galdu gabe eta txilar artean gora eta behera ibiliko gara Napar basoko puntara iritsi arte. Bideari jarraiki, hurrengo tontorra Oburukoa izango dugu, ondoren altitudea apur bat galdu eta Burdinkutzeko lepora iritsiko gara. Eskuinera, Petrinaitzko tontorra utzi eta larre batzuetara irtengo gara, hemendik gertu Ollantzuko txabolekin egingo dugu topo. Berau izan daiteke atsedenalditxo bat hartzeko toki aproposa.
Hemendik eta aldapa bizia igo ostean, tarteka harriartean igoz, Zabalaizko tontorrera iritsiko gara. Tarte hau bidea gidatzen duten arrastoz beteta dago, bertan, hain ugari diren laino-egunetan ez galtzearren. Zabalaizko tontorretik, Urbiako larre zabalen ikuspegi ezinhobea izango dugu eta eguraldi garbiarekin, Aizkorriko tontorrak ere aurrez aurre agurtzeko moduan izango gara.
Ikuspegiaz gozatu ondoren, beherantz joko dugu, Zabalaizko iturriarekin topo egin arte. Aurreraxeago,Urbiako ostatutik lizar artean datorren bidearekin egingo dugu topo Elorrolako lepoan. Lepo honetan, mugarriak eta bide-seinale ezberdinak ageri dira.
Gune honetatik Arantzazura doan bidea, aski ezaguna da eta jende asko ibiltzen da bertan, horren adierazle bidearen egoera da. Izan ere, bidezidorra oso erabilia dago eta zuhaitzen sustraiak biluzik ageri dira nonahi. Pagadian zehar jaitsiko gara bidezidor horretatik, iturrira iritsi arte, bertan alertzez eraturiko baso txiki batean bide zabalagoa hasten baita eta honek berriro Arantzazura eramango gaitu galerarik gabe.