Iaz, aurreko urtean baino ia % 10 hektarea gehiago hartu zituzten transgenikoen landaketek, ISAAA erakunde estatubatuarraren arabera. Erakunde hori bioteknologiak nekazaritzan dituen aplikazioez arduratzen da, eta txosten bat kaleratzen du urtero mundu osoko transgenikoen ekoizpen-datuekin. Europako bi erakundek finantzatu dute txostena: Bussolera-Branca fundazioak eta Ibercajak, Espainiako laugarren banketxeak.
Munduko ekoizle handiena Estatu Batuak dira, eta Europakoa, Espainia. Hala ere, alde izugarria dago bien artean; Estatu Batuetan, 62,5 milioi hektarea hartzen dituzte transgenikoek, eta Espainian, berriz, 0,1. Gainera, Espainian transgeniko bakarra hazten dute, Bt artoa, hori baita Europan baimenduta dagoen transgeniko bakarra. Estatu Batuetan, aldiz, beste inon baino espezie gehiago landatzen dituzte, zortzi, hain zuzen: soja, artoa, kotoia, canola izeneko koltza-mota bat, kuiatxoa, papaia, alpapa eta azukre-erremolatxa.
Estatu Batuen ondotik, Argentina, Brasil, India, Kanada, Txina, Paraguay, Hegoafrikako Errepublika... daude. Horietan guztietan, milioi bat hektarea baino gehiago hartzen dute transgenikoen landaketek. Europan, Espainiaren atzetik, Txekiar Errepublika, Errumania, Portugal, Alemania, Polonia eta Eslovakia dira transgenikoak hazten dituzten herrialdeak. Denen artean, aurreko urtean baino % 21 gehiago ekoitzi zuten.
Nolanahi ere, Afrikako bi herrialdetan transgenikoak landatzen hasi izana nabarmendu du ISAAAk, Egipton eta Burkina Fason. ISAAAren esanean, oso litekeena da ondoko herrialdeetan ere transgenikoak egiten hastea, eta hori bereiziki ona da, transgenikoek onura handiak ekarriko omen dizkielako herrialde horiei. Izan ere, ISAAAren arabera, transgenikoak onuragarriak dira elikagai seguruagoak egiteko, ingurumenari kalte txikiagoa egiteko, uztak areagotzeko eta biodibertsitatea zaintzeko, besteak beste.