Huts egindako izarrak edo huts egindako planetak?

Beste hainbat alorretan gertatzen den bezala, espazioko gorputzak sailkatzea ez da beti erraza izaten. Nano marroiak sailkatzen zailak diren horietakoak dira. Lehenengoa 1995. urtean atzeman zen eta astronomoen urtetako susmoa baieztatu zuen, hots, espazioan bazeudela izarren eta planeten tartekoak ziren gorputzak. Baina, nano marroiak izar gisa ala planeta gisa eratu ziren? Italiako astronomo batzuek ISO teleskopioa erabili dute misterioa argitzeko.

Ikerketa nano marroiak behatu eta inguruan gasezko diskorik bazuten ala ez zuten atzematean zetzan, diskorik baldin bazuten, izar gisa formatu ziren seinalea baitzen. Italiarrek aztertutako hirurek diskoak zituzten. Aurkikuntza horrek nano marroiak huts egindako izarrak direla dioen teoria indartzen du, baina ez du bestea gezurtatzen. Orain nano marroi txikienak aztertu nahi dituzte, haiek ere diskorik baduten ikusteko. Baina horretarako hurrengo teleskopio-belaunaldia espazioratu arte itxaron beharko dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila