Etorkizun handiko supresore inmune berri gisa hasi zen. Gaur egun, taxola baino hobea izan daitekeen minbiziaren aurkako sendagai moduan saltzen da. Diskodermalida laktona polihidroxilatu bat da, Discodermis dissoluta, Karibe Itsasoan 200 m inguruko sakoneran bizi den belakitik isolatu dena.
1990ean egindako saiakuntzek erakutsi zutenez, diskodermalida odoleko globulu zurien ugalketa gelditzen oso eraginkorra da eta, beraz, transplantatutako organo edo hezur-muinari gorputzak eragiten dizkion erasoak eteteko. Baina onddo batetik konposatu diskriminatzaileago bat isolatu zenean, diskodermalidarenganako interesa desagertu egin zen.
Floridako Fort Pierce-ko Harbor Branch Institutu Ozeanografikoan, ordea, Ross Longley-k eta bere lankideek diskodermalidarenganako interesa mantendu zuten. Globulu zurien ugalketa nola gerarazten duen aztertu nahi zuten. 1993rako, konposatuak globulu zuriak ez dituela hiltzen aurkitu zuten, baizik eta zatitzeko zorian daudenean, beren iharduera geldiarazi egiten duela.
Pittsburgh-eko Unibertsitateko Billy Day-rekin eta Minbiziaren Institutu Nazionaleko Ernie Hamel-ekin batera, Longley-k aurrera jarraitu zuen bularreko minbizi-zelulak, diskodermalidaz tratatuz gero, zatiketa-zikloaren une zehatz batean geldiarazten dituela erakutsiz; hau nukleoa erdibitu ondoren baina zitoplasma zatitzen hasi aurretik gertatzen da. Substantzia kimikoak zitoplasma zatiketarako biguntzen duen prozesuarekin interferitzen du.
Zatitu aurretik, zelulak zitoeskeletoa, nagusiki tubulina proteinaz eginda dagoen tutu mikroskopikozko egitura, desegin beharra dauka. Tutu hauek zatiketaren aurretik deskonposatzen dira eta gero berriro zelula eratu berrian berreratzen dira. Baina Hamel eta Day-k aurkitu zutenez, diskodermalida dagoenean era normalean “urtu” beharrean, tutuak pila zurrunetan berreratzen dira. Mikroskopioz begiratuta, zeluletan gertatutako aldaketa ikusgarria zen, inongo egitura ikuskorrik gabeko izar itxurako tutuen metaketak ikus baitzitezkeen. Zelularen eskeletoa denboran izoztuta, zelulak zikloaren puntu horretan gelditzen ziren eta 24 ordu igaro ostean hil.
“Zehazki taxolak duen eraginaren mekanismo berbera da hau” dio Longley-k. Taxola, Ozeano Bareko haginaren azaletik ateratzen den konposatua, bularreko minbiziarentzat onartuta dagoen tratamendua da. Legamietatik isolatutako beste bi konposatu bakarrik ezagutzen dira zitoeskeletuaren deskonposaketa galaraziz zelula-zatiketa eteten dutenak.
Azterketa aurre-klinikoek erakutsi dutenez, diskodermalida gutxienez taxola bezain indartsua da bularreko minbizi-zelulen aurka eta biriketako minbizi-zelulen aurka indartsuagoa oraindik. Longley aztoratuak zera dio, laurogei aldiz indartsuagoa dela leuzemi zelulen aurka. Orain dela hamarkada bat, konposatua aurkitu zenean, kimikariak berehala hasi ziren hura laborategian lortu ahal izateko lanean. Hauek berri onak dira, orain gutxienez hiru metodo baitaude.