Iazko abenduaren 4ean Endeavour espaziuntziko astronautak Hubble teleskopio espazialera seiak aldera (UT) hurbildu zirenean, Hoffman astronautak eskuineko eguzki-panela hondatuta zeukala somatu zuen. Hiru urtez bibrazioak jasaten aritu ondoren, ia 90º bihurrituta zegoen.
NASAko astrofisikariek eskatuta, Hubbleri azken uneraino ez zitzaion heldu. Izan ere, abenduaren 2an hasita mila milioi argi-urtera dagoen kuasarea aztertzen ari baitzen. Zortziak eta berrogeita zortzi minutuetan, Endeavour-en besoak Hubbleri heldu egin zion eta ordubete geroago utzi zuen, astronautek beren lana burutua zutelarik. Richard O. Covey, Kenneth Bowersox eta Claude Nicollier astronautak ibili ziren konponketa horretan, beste lau tripulariak espaziuntzian zeuden bitartean.
Hubble konpontzeko bost irtenaldi egin zituzten astronautek espaziuntzitik, guztira kanpoan 35 ordu eta 28 minutu igaro zituztelarik.
Ofizialki esanda bezala hamahiru bat asteko epea bete ondoren, Hubble teleskopioa irudi garbiak bidaltzen ari da. Aurten Virgo konstelazioko Zefeidak ikertu behar ditu eta gero Jupiterrera hurbilduko den Shoemaker-Levy kometaren irudiak bidaltzekoa da.