Hubble teleskopioa hobetzeko misioa

Hubble teleskopioa hobetzeko misioa
2008/02/01 | Elhuyar
Astronautak praktikak egiten urpean, Hubble teleskopioaren eredu batekin.
NASA

Hubble teleskopioa helburu duen bosgarren eta azken misioa prestatzen ari da NASA. Hain zuzen, aurtengo udan, zazpi astronauta bidali nahi ditu Atlantis espazio-ontzian, zenbait konponketa egiteko, eta tresna berriak jartzeko.

Zehazki, ACS eta STIS tresnak konpondu behar dituzte astronautek. ACS behaketarako kamera aurreratua da, eta iazko urtarrilean matxuratu zen, bost urtez martxan aritu ondoren. Hain justu, horixe zen gehien erabiltzen zen tresna. Bestea teleskopioak zuen espektrografo onena da; haren egitekoa espazioko objektuen irudi zehatzak hartzea da, hainbat uhin-luzeratan. Horrek galaxien, izarren, planeten eta nebulosen fisika aztertzeko aukera ematen du.

Horiek konpontzeaz gain, COS eta WFC3 tresnak instalatu behar dituzte astronautek. COS espektrografoari esker, unibertsoaren egitura eta eboluzioa ezagutu nahi dute astronomoek. WFC3 teleskopioaren lehen kamera pankromatikoa izango da, eta orain dituen guztiak baino hobea da. Eremu zabal bat hartzeko gaitasuna du, eta irudi zehatzak jasotzen ditu koloretan.

NASAren ustez, konponketa- eta osatze-lanak amaitutakoan, luze gabe eskainiko ditu lehen emaitzak Hubble-k.

1
239
2008
2
025
Astronautika
Berriak labur
11
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila