Angioplastia baino hobea den krioplastia aurkeztu zuten urtarrilean terapia baskularrei buruz Miamin egin zen sinposioan. Angioplastia bihotzeko arteria buxatuak osatzeko ohiko teknika da. Muturrean ponpa txiki bat duen kateterra buxatutako arteriaraino eramaten da, puztu egiten da eta buxadura zabaltzea lortzen da.
Krioplastia berdin-berdin egiten da, baina ponpa puzteko gatzezko disoluzioa erabili ordez, oxido nitrosoa (NO) erabiltzen da. Oxido nitrosoak arteria buxatzen duen geruzaren tenperatura -10 ºC-ra jaitsarazten du eta zelulen apoptosia —zelulen suizidio programatua— eragiten du. Teknika Kaliforniako El Camino ospitalean garatu dute eta, haien arabera, angioplastiak baino kalte txikiagoa eragiten du. Izan ere, angioplastiak orbainak utzi ohi ditu arterietan eta hantura eragiten du.
Ondorioz, maiz arteriak berriz buxatzen dira, eta bigarren ebaketa egin behar izaten da. Krioplastiarekin, aldiz, arteriaren paretek gutxiago sufritzen dute eta albo-ondorioak saihesteko aukera gehiago daude. Europan eta Hego Amerikan hanketako arterietan probatu dute eta, emaitza onak ikusita, bihotzeko arterietan saio klinikoak egiten hasi dira.