Hots ikonikoak hitzen aurrekariak izan zitezkeela iradoki dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

hots-ikonikoak-hitzen-aurrekariak-
Arg. Artxibokoa

Gizakien arteko komunikazio mintzatuaren aurrekaria bokalizazio ikonikoen bidezkoa izan zela proposatu du Birminghameko Unibertsitateko eta ZAS Leibnizeko linguistika zentroko ikertzaile-talde batek. 

Haien esanean, zabalduta dago ustea gizakien arteko lehen hizkuntza keinuen bidezkoa izan zela; hau da, seinale bisualak erabiltzen zituztela elkar ulertzeko. Alabaina, ikerketa-talde horrek, esperimentuen bitartez, erakutsi du bokalizazioen esanahia berdintsua dela jatorri linguistiko oso desberdina duten giza taldeetan. Hortik ondorioztatu dute bokalizazioak ere izan zitezkeela mintzamenaren aurrekaria.

Esperimentuak egiteko, hainbat kontzeptu aukeratu zituzten: bizidunak (haurra, gizona, emakumea, tigrea, sugea, oreina); bizigabeak (aiztoa, sua, arroka, ura, haragia, fruta); ekintzak (bildu, kozinatu, ezkutatu, moztu ehizatu, jan, lo egin); ezaugarriak (motela, zorrotza, handia, txikia, ona, txarra); zenbatzaileak (bat, asko) eta erakusleak (hau, hura).

Boluntarioak 12 hizkuntza-familiatako 28 hizkuntzatako hiztunak ziren, eta, tartean, baziren ahozko hizkuntza baino ez dutenak, hala nola Palikúr hizkuntzakoak (Amazonia) edo Daakie (Vanuatu uhartea, Ozeano Barea). Esperimentuan, kontzeptu horiek adierazten zituzten bokalizazioak egin zituzten ingeles-hiztunek, eta entzuleek zoriz asmatuko zuketena baino hobeto asmatu zuten haien esanahia.

Online ere egin zuten esperimentua, eta, horrela, mundu osoko parte-hartzaileen emaitzak bildu zituzten. Esanahia marrazki bidez irudikatu zuten, ahozko hizkuntzak zituzten pertsonek ere parte har zezaten. Eta emaitza berbera izan zen: zoriz baino hobeto asmatzen zuten esanahia, bereziki, kontzeptu batzuetan. Esaterako, % 98,6-k asmatu zuen lo egitearen bokalizazioaren esanahia. Gehien asmatutakoen artean zeuden baita jatea, haurra, tigrea eta ura ere; eta gutxien asmatutakoen artean, hura, bildu, motela, zorrotza eta aiztoa. 

Ikertzaileek ez dute baztertu keinuak ere hizkuntzaren aurrekari izan zirenik, baina, haien esanean, badaude arrazoiak uste izateko bokalizazioak ere funtsezkoak izan zirela mintzamenaren sorreran. 

Entzun esperimentuan erabilitako bokalizazioetako batzuk, Birminghameko Unibertsitateari esker: Cut (moztu); Tiger (tigre); Water (ur); eta Good (on).

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.