Mekanismo genetiko batek eragiten du zuhaitzetako hostoen zelulak banaka hiltzen joatea, eta, azkenean, hosto osoa erori arte zimeltzea, Hego Koreako Pohang Zientzia eta Teknologia Unibertsitateko genetikari batzuen arabera.
Arabidopsis landarearen bi barietate aztertu zituzten ondorio horretara iristeko. Bat mutantea zen, eta bestea, basatia. Mutantean, denbora luzeagoa irauten zuten hostoek erori gabe. Genetikariek bi landareen arteko desberdintasun genetikoak bilatu zituzten, eta gene jakin batean, ORE1 genean, aurkitu zituzten.
Ikertzaileek ikusi dute ORE1 geneak kodetzen duen proteina zeluletan pilatu ahala zelulak klorofila galduz joaten direla eta, oro har, hostoak zahartu egiten direla. Hosto gazteen zeluletan, mikroRNA jakin batek ORE1 genea espresatzea saihesten du, eta horregatik ez dira zahartzen. Baina, denbora aurrera joan ahala, mikroRNA desagertuz joaten da, eta aipatutako genearen proteina ugaritu egiten da.