Cyprinidae familiako arrainek duela 50 milioi urte galdu zituzten hortzak, baina Danionella dracula espezieak berreskuratu egin ditu. Espezie horretako arrek hortz zorrotzen itxurako egitura batzuk dituzte. Baraila-hezurrez eginak daude, eta ez dute pulparik, ez esmalterik. Ez dira egiazko hortzak, baina haien funtzioa betetzen dute. Borrokarako erabiltzen dituzten ikaragarrizko bi letagin ere badituzte --hortik drakula izena--. Proceedings of the Royal Society aldizkarian martxoaren 11n deskribatutako espeziea 16 milimetro luze da, eta Myanmar iparraldeko erreka txiki batean bizi da.