Hormonekin tratatutako gizon transen erantzun immunitarioa gizon zisenaren antzekoa da

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

hormonekin-tratatutako-gizon-transen-erantzun-immu
Arg. Pxhere/CC0

Hormona-terapia jaso duten gizon transen erantzun immunitarioa aztertu dute Suedia, Frantzia eta Erresuma Batuko ikertzaileek elkarlanean, eta ondorioztatu dute, tratamendua hasi eta hiru hilabeteren ondoren, haien erantzuna gizon zisenaren antzekoa bilakatzen dela. Lan horrek, sexu-hormonek immunitate-sisteman duten garrantzia ez ezik, ageri-agerian jarri du osasun-ikerketetan pertsona transen inguruan dagoen hutsunea.

Ikertzaileek gogorarazi dutenez, lehendik ere ezaguna zen sexuak eragin handia duela immunitate-sisteman. Adibidez, emakumeek 9 aldiz arrisku handiagoa dute lupus eritematoso gaixotasun autoimmunea izateko, gizonek baino. Alabaina, oraindik ez dira asko ikertu diferentzia horiek, eta, are gutxiago, pertsona transetan.

Oraingo ikerketan ere, lagina mugatua izan dela ohartarazi dute ikertzaileek berek: 23 gizon trans. Hala ere, emaitza esanguratsua izan dela azpimarratu dute. Parte-hartzaile guztiek pubertaroaren ondoren hasi zuten hormona-tratamendua, eta, beraz, frogatu dute, adin horretan hasita ere, nahikoa dela eragina izateko immunitate-sisteman.

Horrez gain, uste dute ikerketa lagungarria dela ulertzeko, beste arrazoi batzuengatik testosterona hartutakoan, zergatik dituzten ondorio desberdinak gizon eta emakume zisgeneroek, baita menopausiaren aurretik eta ondoren ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila