Saudi Arabiako familia bat aztertu dute, hainbat senidek ez zutelako pubertarorik izaten; mutilen ahotsa ez da loditzen eta neskek ez dute bularrik garatzen, esaterako. Horiek aztertuta gene jakin bat mutatuta dutela ikusi dute.
Pubertaroaren hasiera genetikoki kontrolatuta dagoen prozesua da. Garuneko hipotalamoak hormona jakin bat jariatzean hasten dira sexualki heltzen gazteak, gonadotropina hormona, hain zuzen ere. Zientzialariak prozesu hori martxan jartzen duen genea identifikatzeko gai izan dira, alegia, hormonaren jarioa eragiten duen proteinaren genea.
Orain arte bazekiten pubertaroan gene asko izaten direla aktibo, baina ez zekiten horietatik zein zen pubertaroa abiarazten zuena. Izan ere, gehientsuenek bestelako prozesu fisiologikoetan hartzen dute parte, gantzaren erregulazioan, esaterako. Orain, ordea, horren erantzule den mintz-hartzailea aurkitu dute.