Homo erectus espeziea duela 117.000 urtera arte bizi izan zen

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

homo-erectus-espeziea-duela-117000-urtera-arte-biz
Ngandongeko aztarnategian aurkitu dituzte Homo erectus espeziearen fosilik gazteenak. Arg. Iowako Unibertsitatea

Orain arte, misterio bat zen Ngandongeko aztarnategian (Java, Indonesia) duela ia 90 urte aurkitutako fosil batzuen adina. Orain, beste metodo batzuekin batera luminiszentzia eta espin erresonantzia baliatuta, 117.000-108.000 urte dituztela jakin dute. Hala, aurkitu diren Homo erectus gizakiaren hezurrik gazteenak dira.

Espezie hori erabat zutik ibiltzen lehena izan zen. Duela 2 milioi urte inguru sortu zen, eta Pleistozenoan bizi izan zen, Eurasian. Ngandongeko aztarnategikoen datazioa zaila izan da, eta 550.000-27.000 urte zituztela kalkulatu izan da. Horren arabera, batzuek iradoki izan dute agian sapiensen garai berean ere bizi izan zirela, eta azken hauek H. erectus-etik eboluzionatu zutela ere baztertzen zuten zenbaitek.

Iowako Unibertsitateko Antropologiako ikertzaileek gidatutako azken datazioak, beraz, aurreko hipotesi batzuk ezeztatu ditu, eta ezagutzen diren H. erectus-en fosil gazteenak direla baieztatu. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila