Gizakiaren generoko arbasorik zaharrenak dira Homo habilis eta Homo erectus, eta orain arte uste izan da bigarrenak lehenengotik eboluzionatu zuela; baina uste hori zalantzan jarri du Kenyaren iparraldean, Koobi Fora Ikerketa Proiektuaren baitan, egindako aurkikuntza batek.
Aurkikuntza bikoitza da: Homo habilis baten barailezur bat eta Homo erectus baten garezur oso bat aurkitu dituzte. Biak garai bertsukoak dira: duela 1,44 milioi urtekoa baraila, eta duela 1,55 milioi urtekoa garezurra. Bada, Homo habilis desagertua zela uste zuten garaikoa da barailezurra, eta, hortaz, H. habilis eta H. erectus garai berean bizi izan zirela erakusten du (luze, gainera, milioi erdi urtez edo). Hautsak harrotuko dituen aurkikuntza bat da, zalantzarik gabe.
Baina, esan bezala, aurkikuntza ez da hor geratzen. H. erectus-aren garezurraren tamainari erreparatu diote; izan ere, orain arte aurkitutakoak askoz handiagoak dira. Eta, proiektuan lan egiten duten adituen esanean, tamaina-diferentzia hori azaltzeko aukera bakarra dimorfismo sexuala da: emeak arrak baino askoz txikiagoak ziren. Ezaugarri hori oso primitiboa da, eta, egiazkoa bada, H. erectus espeziea gizakitik uste baino urrunago dagoela erakutsiko luke.