Duela 1,77 milioi urteko hiru helduren eta gazte baten hezurrak aurkitu dituzte Dmanisi-n, Georgian. Zientzialariek Nature aldizkarian eman dute aurkikuntzaren berri, eta, haien esanean, oso aztarna garrantzitsuak dira, Afrikatik Europara etorritako Homo generoaren adibide zaharrenak baitira.
Hezurrak Homo erectus gizakiarenak dira. Espezie horren fosil zaharrenak Afrikan daude. Handik, Asiara migratu zuen lehenik; hala, Indonesian ere topatu dituzte H. erectus-aren aztarnak. Baina ez daude fosil asko.
Horrek are garrantzitsuago egiten du Georgiako aurkikuntza, lau gizakiren aztarnak biltzen baitira leku berean. Banako baten hezurrak aztertuta, paleoantropologoek ezin dute ziur jakin ezaugarriren bat banako horren berezitasuna zen edo espezie osoarena. Lau eskeletok, berriz, elkarren artean eta beste espezieekin alderatzeko aukera ematen dute.
Oraingoz egin dituzten azterketen arabera, badirudi gizaki haiek nahiko txikiak zirela (1,5 m luze eta 50 kg); baina besoen eta gorputzaren arteko proportzioa oraingo gizakiaren antzekoa zuten, eta distantzia luzeetan ibiltzeko hanka aproposak zituzten. Hortaz, bat datoz orain arte lortu dituzten emaitzekin, beste fosil batzuetan ikusi baitute klima epeleko H. erectus-aren besoak Afrikakoarenak baino laburragoak zirela. Fosil gehiago aurkitu ahala, hobeto ezagutuko dute gaurko gizakiaren arbaso hura.