Aurkitzaileek Australopithecus espezie berri bat dela aldarrikatu dute
Ia bi milioi urte dituzten bi hominidoren fosilak aurkitu dituzte Hego Afrikako Witwatersrand Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Fosilak mutil gazte batenak eta emakume heldu batenak dira. Johannesburgetik gertu dagoen Malapa izeneko kobazulo-sisteman topatu dituzte; ikertzaileen ustez, litekeena da ur bila zihoazela zulora erori eta orduan hil izana. 1,95-1,78 milioi urte dituztela kalkulatu dute, eta adin horretako fosiletan galduta izaten diren zati batzuk osorik dituzte hauek; esaterako, eskuak eta oinak.
Fosilaren ezaugarriak aztertuta, orain arte ezagutzen ez zuten espezie batekoak direlondorioztatu dute ikertzaileek. Australopithecus sediba deitu diote, eta, haien esanean, Australopithecus africanus espeziearen eta lehenengo Homoen tarteko espeziea izan daiteke.
Ikerketa Science aldizkarian argitaratu da, eta eztabaida piztu du adituen artean. Izan ere, hainbatek zalantzan jartzen dituzte artikuluaren egileek ateratako ondorioak; hain zuzen, fosilak A. africanus espeziekoak direla uste dute. Hala ere, aurkikuntza oso baliagarritzat jotzen dute Homo leinuaren eboluzioaren puzzlea osatzen joateko.