Homeopatia ez da plazeboa baino eraginkorragoa, Australian egindako ikerketa baten arabera

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

homeopatia-ez-da-plazeboa-baino-eraginkorragoa-aus
Arg. Getty Images.

Australiako Osasun Sailak agindutako ikerketa batean homeopatiaren eraginkortasuna aztertu dute 68 gaixotasunetan. Eta ondorioztatu dute bakar batean ere ez dela plazeboa baino eraginkorragoa.

Osasun Sailak medikuntza alternatibotzat du homeopatia. Haren arabera, homeopatek sinesten dute zenbat eta diluituagoa egon substantzia bat uretan, orduan eta handiagoa dela sintomak sendatzeko ahalmena. Sendagai homeopatiko gehienak hainbat aldiz izan dira diluituak; hala, azken prestaketan, ez da ia batere edo batere substantziarik geratzen.

Bada, ikerketan, halako tratamenduen eraginkortasuna aztertu duten 167 ikerketa hartu dituzte aintzat. Guztira, 68 gaitz azaltzen dira; tartean artritis erreumatoideoa, kimioterapiak eragindako estomatitisa, malaria eta baita hiesa ere. Eta emaitza argigarria da: 68 gaixotasun horietako batean ere homeopatia ez da plazeboa baino eraginkorragoa izan.

Aipatzekoa da Australiako osasun-sistemaren bi ospitaletan homeopatia erabiltzen dela, eta mediku askok agintzen dizkietela tratamendu homeopatikoak beren pazienteei. Horren aurrean, homeopatia arriskutsua izan daitekeela ohartarazi du ikerketa egin duen taldeak. Izan ere, homeopatia erabiltzeak tratamendu seguru eta eraginkorra baztertzea edo atzeratzea ekar dezake, eta, beraz, homeopatiaren ahalmen sendagarrian sinesten duen pertsonaren osasuna arrisku larrian egon daiteke.


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.