Hogeita hiru kilometroko izarra

NASAko astronomoek neutroi-izar baten diametroa zenbatekoa den kalkulatu dute.

NASAko astronomoek neutroi-izar baten diametroa zenbatekoa den kalkulatu dute. Izar horiek Eguzkiaren masa halako 1,5 aldiz izaten dute gutxi gorabehera, baina askoz txikiagoak dira; kalkuluaren arabera, behatu duten izarrak 19 eta 30 kilometro arteko diametroa du, seguru asko, 23 kilometrokoa.

NASA

Datu horrek berresten du izarra neutroiz osatuta dagoela, eta ez beste partikula batzuez. Izan ere, neutroi-izarra ikus daitekeen izarrik dentsoena da; ez dago atomoz osatuta, baizik eta neutroi hutsez. Neutroiak atomoak baino askoz trinkoago pilatuta daude, eta horrek eragiten du oso bolumen txikian masa handia izatea. Astronomoen ustez, koilaratxo batekin hartutako materiak hiru mila milioi tona pisatuko luke, gutxi gorabehera.

Neutroi-izar honen tamaina zeharka kalkulatu dute. Izarrak gasa xurgatzen dio ondoan duen beste izar bati, eta gas hori neutroi-izarraren inguruan pilatzen da, gehiegi berotu eta lehertzen den arte. Leherketa horien analisietatik, astronomoek jakin ahal izan dute izarrak 45 bira egiten dituela segundo batean. Eta izarraren masa eta higidura ezagututa tamaina kalkulatu ahal izan dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila