Hodietako mikroikuskariak

Mitsubishi eta Sumitomo Japoniako enpresek eta Tokioko Matsuhita ikerketa-zentroak inurriaren tamainako mikrorrobotak eraiki dituzte. 5 mm luze, 6,5 mm garai, 9 mm zabal eta 42 g-ko pisua dute robotek; alde guztietara higi daitezke 2 mm segundoko abiaduraz eta beren pisua bi halako diren objektuak mugitzeko gai dira.

Mikrorrobotak 3 cm-ko diametroko hodietan frogatu dituzte eta emaitza onak lortu dira.

Ikertzaileen asmoa mikrorobotak hodien akatsak igartzeko gai diren sistemez hornitzea da, ikuskari-lana bete dezaten. Horrelako robotak oso egokiak izan litezke zentral elektrikoen hodi-sistemak – benetako hodi-basoak– aztertzeko.

Gaur egun azterketa horiek teknikariek egiten dituzte, hodietan sartzen dituzten mikrokamera batzuen bidez. Mikrorroboten baliagarritasuna frogatuz gero, azterketa horiek automatikoki egin litezke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila