Hobbita: txikia bai, baina ez gaixoa

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

hobbita-txikia-bai-baina-ez-gaixoa
Hobbitaren garezurra. - Arg. Ray

Australian egin berri duten ikerketa batek ezeztatu egin du hobbita kretinismoa zuen Homo sapiens bat zela.

2003an aurkitu zuten hobbitaren lehen fosila, eta, geroztik, eztabaida-iturri izan da. Izan ere, garaiagatik —17.000 urte ditu―, fosilak Homo sapiens espeziearen banako batena izan beharko zukeen. Alabaina, ezaugarri bereziak dauzka (garezur eta gorputz bereziki txikiak ditu; hortik datorkio hobbit ezizena), eta horrek bi hipotesi zabaltzen ditu: fosila orain arte ezagutzen ez genuen espezie batena da (Homo floresiensis), edo gaixotasun baten ondorioz zen hain txikia.

Auzia argitu nahian dabiltza, baina oraindik ez dute DNA aztertzerik izan, ez baitute kalitateko DNArik lortu fosiletik. Bitartean, hala ere, bestelako ikerketak egiten ari dira. Azkenekoa New England-eko Unibertsitatean egin dute. Hobbitaren garunaren masa, eskeletoaren proportzioak eta hortzen garapena kretinismoa duten pertsonenekin alderatu dituzte. Izan ere, gaixotasun horrek garapenaren atzerapena eragiten du. Baina, azterketaren emaitzak ikusita, ikertzaileek ondorioztatu dute ez dagoela froga bakar bat ere pentsatzeko hobbitak kretinismoa zuela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila