Tropikoetan, ohikoak dira zizareen infekzioak; hesteak, sistema linfatikoa edo odol-hodiak infektatzen dituzte. Hiru infekzio-motak erraz prebenitzen dira botiken bitartez, infekzio bakoitza botika batekin. Zanzibarren egindako saio handi bati esker, zientzialariek aurkitu dute hiru botikak aldi berean hartuz gero ez dela albo-ondorio larririk eragiten. Botika merkeak dira, zentimo gutxi batzuetako dosiak baitira. Garestiena botiken banaketa da, eta arazo asko sortzen ditu herri askotan. Horregatik, onena hiru botikak batera banatzea izango litzateke kasu askotan. Baina batera banatzeak esan nahi du jendeak batera hartuko lituzkeela. Horregatik egin dute Zanzibarko ikerketa, eta emaitza ona izan da: frogatu dute botikak batera ematea sistema bideragarria dela.