Hiru pertsonaren DNA duten haurrak sortzeko baimena eman du Britainia Handiak

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Hiru pertsonaren material genetikoa duten enbrioiak sortzeko baimena eman du Britainia Handiko Parlamentuak. Teknika hori onartzen duen lehen herrialdea da. Amaren DNA mitokondrial akastunaren ondorioz transmititzen diren zenbait herentziazko gaixotasun saihesteko aukera emango du horrek.
hiru-pertsonen-dna-duten-haurrak-sortzeko-baimena-
Zortzi zelulako enbrioia. Arg. Lull. Jabetza publikoa

Izan ere, 5.000 haurretatik bat jaiotzen da garuneko, bihotzeko edo muskuluetako gaixotasun larriren batekin, amaren bidez transmititutako mutazioengatik. Kasu horietan, amak ez du gaixotasuna pairatzen, baina seme-alabek bai, obulu ernalduaren mitokondrioetan dagoen DNA akasdunaren eraginez.

Ikertzaileek urteak daramatzate arazo hori gainditzeko tekniketan ikertzen, eta dagoeneko prest dituzte bi metodo, helburu berberarekin: amaren mitokondrioetako DNA emaile batenarekin ordezkatzea.

Metodoetako batean, obuluan egiten da ordezkapena: amaren eta emailearen obuluak hartu; bien nukleoak erauzten dira, eta emailearen obuluan (mitokondrio osasuntsuak dituenean) sartzen da amaren nukleoa. Ondoren, aitaren espermatozoidearekin ernaldu, eta umetokian ezartzen da.

Beste metodoan, aldaketa enbrioian egiten da. Hala, amaren eta emailearen obuluak ernaltzen dira. Bien nukleoak kendu, eta gurasoen nukleoa txertatzen da nukleorik gabeko emailearen obulu ernalduan. Horrela, nukleoan gurasoen informazio genetikoa duen enbrioia sortzen da, emailearen mitokondrio osasuntsuekin.

Arg. HFEA

 

Enbrioiak emaile baten DNA ere baduenez, “hiru gurasoen haur” deitu izan zaie enbrioi horiei; eztabaida etikoa ere eragin du horrek. Edonola ere, enbrioiaren DNAren % 0,1 baino ez da emailearena.

DNA arrotzak sortutako eragozpen etikoaz gain, segurtasunaren auziak ere sortu du kezka. Ikertzaileek segurua dela baieztatu duten arren, eta Parlamentuak onartu badu ere, azken hitza Giza Ernalketa eta Enbriologia Agintaritzak du (HFEA).  Hain zuzen, erakunde horrek ematen die ospitaleei teknika aplikatzeko baimena, baina, aurretik, segurua dela bermatu behar du.

Hortaz, Britainia Handiko Parlamentuak orain arteko debekua kendu badu ere, oraindik ez da teknika aplikatzerik izango. Hala ere, ikertzaileek aurten bertan egin nahi dute lehen saiakera; beraz, baliteke datorren urtean jaiotzea teknika horren bidezko lehen haurra.

Bitartean, Estatu Batuetan ere FDA, elikagaien eta sendagaien segurtasunaz arduratzen den erakundea, ari da aztertzen teknika segurua ote den. Oso litekeena da Britainia Handian hartutako erabakiak eragina izatea Estatu Batuetan zein beste herrialde askotan.

"Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. jaialdian parte hartzen du"

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila