Hiru mutazio, klonak lortzeko

Hiru mutazio, klonak lortzeko
2009/10/01 | Elhuyar
Arabidopsis thaliana landarearen barietate basatiaren lorea, mikroskopio elektronikoarekin ikusita.
Jürgen Berger/Heiko Schoof, Electron Microscopy Unit, Max Planck Institutua

Landare-klonak lortzeko bidean pauso bat eman dute Frantziako ikertzaileek

Ingeniari agronomoek aspalditik bilatzen dute landare on baten hurrengo belaunaldia aurrekoa bezain ona izateko modua. Areago: landare on batetik abiatuta, haren klonak lortu nahiko lituzkete. Izan ere, bi espezie edo bi barietate gurutzatuta sortzen den hibridoak oso ezaugarri onak izaten ditu, baina hibridoen hurrengo belaunaldia ez da hain ona izaten.

Orain, hurrengo belaunaldiak aurrekoaren ezaugarri berberak izateko bidean pauso bat eman dute Frantziako Nekazaritza Ikertzeko Institutuko ikertzaileek. Zehazki, hiru mutazioren bitartez, Arabidopsis thaliana landarean gametoak mitosi bidez sortzea lortu dute, meiosi bidez sortu beharrean. Horrela sortutako gametoek jatorrizkoaren informazio genetiko guztia gordetzen dute, hau da, klonak dira. Gametoek kromosoma-kopuru bikoitza duten arren, ernaltzeko eta landarea garatzeko gai direla frogatu dute ikertzaileek.

Hala ere, landareen kromosoma-kopurua bikoiztea ez da komeni, eta, beraz, ikertzaileen hurrengo helburua da landarea ernalketarik gabe garatzea gameto horietatik, alegia, partenogenesi bidez ugaltzea.

1
257
2009
10
001
Botanika; Genetika; Bioteknologia
Albisteak
6
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila