Zenbat denbora behar du planeta batek sortzeko? Hamar milioi urte? Hori uste izan dute zientzialari gehienek orain arte, baina, Michigan-go Unibertsitateko ikertzaileek diotenez, hiru milioi urte besterik ez du behar planeta batek sortzeko.
Ondorio hori ateratzeko, izar gazteen inguruko hauts-diskoak igorritako uhin infragorriak neurtu dituzte. Aztergai Orion eta Perseus konstelazioetako izarrak izan dituzte, eta denborarekin izarren inguruko hautsa gutxituz joaten dela ikusi dute.
Dirudienez, hauts-diskorik gabeko izarren inguruan nekez sortzen dira planetak. Haatik, hautsez eta gasez inguratutako izar bat jaio den unetik aurrera, hautsa multzotan batu eta planetak sortuz joaten omen dira. Gainerako hautsak izarrarekin bat egiten du.
Hala, denbora igaro ahala, hauts-kantitatea gutxituz joaten da eta bospasei milioi urteren buruan izarrak ez du hauts-diskorik izaten inguruan. Horregatik, izarrak inguruan hautsa duenean sortzen direla planetak ondorioztatu dute.