Hiri Galduko tximiniak

Atlantikoaren hondoko Hiri Galduan aurkitu dituzten tximinia hidrotermalak benetan bereziak dira. Orain arte ezagutzen zirenen aldean, konposizio desberdina dute, eta han bizi diren bakterioek ez dute besteetakoen antzik.

Washingtongo unib.

Hain zuzen ere, Ozeano Atlantikoko Atlantis mendigunean aurkitu dituzte tximinia horiek. Dezente dira guztira, eta horietatik hogeita hamar bat nahiko handiak, 10-60 metro luze. Tximiniak karbonatoz eginda daude, eta gas basikoak igortzen dituzte, oso kaustikoak. Aldiz, orain arte ezagutzen zirenak gas azidoak isurtzen zituzten. Horregatik, mikroorganismoak erabat desberdinak dira batean eta bestean. Adibidez, gas azidoko tximinietako mikroorganismoen energia-iturria karbono dioxidoa da, baina Hiri Galduko tximinietan ez dago karbono dioxidorik, bai ordea metano eta hidrogeno ugari. Eta mikroorganismoak baliabide horietara egokitzeko gai direla frogatu dute zientzialariek.

Badirudi, beraz, egoera zailenetan ere litekeena dela bizia egotea. Hala, biziaren sorrera ulertzeko bide berriak irekitzen ditu Hiri Galduan egiten ari diren ikerketa mikrobiologikoak. Nolanahi ere, horrez gain beste alderdi asko ere ari dira ikertzen Hiri Galduan, hala nola, tximinien egitura geologikoa, fluidoen zirkulazioa, prozesu kimikoak...

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila