Hiri-baratzeen karbono-lorratza ohiko nekazaritzarena baino handiagoa, salbuespenekin

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

hiri-baratzeen-karbono-lorratza-ohiko-nekazaritzar
La Ventillako hiri-baratzea (Madril) Arg. Diario de Madrid/CC 4.0

Zabalduta dago hiri-nekazaritza onuragarria dela hiriak eta hirietako elikadura-sistemak jasangarriago egiteko. Orain arte, ordea, ez zegoen hiri-baratzeek sortzen duten karbono-lorratzari buruzko ikerketa zientifiko askorik, ezta ohiko nekazaritzarenarekin alderatzen zuenik ere. Hutsune hori betetzeko, ikerketa zabal bat egin dute Europan eta AEBn, eta, haren arabera, oro har, hiri-baratzeen karbono-lorratza ohiko nekazaritzarena baino sei aldiz handiagoa bada ere, badaude salbuespenak. Gainera, hiri-baratzeak jasangarriagoak bihurtzeko moduak ere identifikatu dituzte.

Michigango Unibertsitateko ikertzaileek (AEB) zuzendu dute azterketa, eta Nature cities aldizkarian argitaratu dute. Metodologia zorrotza erabili dute jatorri bateko eta besteko elikagaien karbono-lorratza zehatz neurtzeko. Adibidez, adierazi dute, askotan, garraioan jartzen dela arreta, eta, alde horretatik, hiri-baratzeetako elikagaiek abantaila nabarmena dute. Baina badira beste hainbat alderdi ere. 

Esaterako, hiri-baratzeen hiru mota bereizi dituzte: ekoizpenera bideratutakoak, norbanakoen lorategietan egindakoak, eta auzokoak edo komunitarioak. Eta ohiko nekazaritzan ere alde handiak daude lekutik lekura, eta elikagaiaren baranera. Adibidez, Alemanian kontsumitzen diren tipulen % 96en jatorria hau da: Alemania (% 71), Espainia (% 13) eta Herbehereak (% 1).

Alderdi hori guztiak aintzat hartuta, datu-bilketa xehea egin dute bost herrialdetako 73 tokitan: Frantzia (Paris eta Nantes), Alemania (Rin-Ruhr eskualdea), Polonia (Gorzow Wlkp), Erresuma Batua (Londres) eta AEB (New York).

Horrela ondorioztatu dute, oro har, hiri-baratzeetako karbono-lorratza ohiko nekazaritzarena baino sei aldiz handiagoa dela (hurrenez hurren, 420 g CO2 eta 70 g CO2, fruta edo barazki bakoitzeko). Baina salbuespenak daude, elikagaiaren eta baratze-motaren arabera: hiri-baratzetako tomateak jasangarriagoak dira, baita norbanakoak zaindutako baratzak ere. 

Horrenbestez, zein elikagai hazten den eta nola (uraren eta hondakinen kudeaketa zirkularra bultzatuta, esaterako), gako dira hiri-baratzeak jasangarriagoak izan daitezen. Horrez gain, hiri-baratzek sortzen duten onura soziala ere aipatu dute.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila