Hiparkus-en jaurtiketak huts egin

Joan den abuztuaren 8an Ariane 4 europar jaurtigailuak Frantziar Guyanatik jaurtitako Hiparkus sateliteak huts egin du orbita geoestazionarioa lortzeko saioan. Satelitea orbita geoestazionarioan jarri behar zuen motoreak hiru alditan huts egin du. Dena dela, motorea azkenean piztuko dela espero da. Alabaina, hasiera batean aurrikusitako baino erregai gehiago gastatu beharko denez, satelitearen lanaldia laburragoa izango da.

Hiparkusen jaurtiketa.

Orain satelitea orbita eliptikoari darraio, perigeoa eta apogeoa hurrenez hurren 208 eta 35.000 km direlarik.

ESAk (European Space Agence-k) jaurtitako Hiparkus satelitearen helburua izarren posizioak, paralaxiak eta berezko higidurak zehaztasunez neurtzea da. 2,5 urteko lanaldian 120.000 izarren parametro astrometrikoak 2-4 miliarku-segundoko doitasunez neurtuko ditu eta beste 400.000 izarrena doitasun txikiagoz.

Hiparkus misioak hogei urteko historia du. 1970.eko hamarkadaren hasieran planeatzen hasi zen. 1980.ean ESAk bere preferentzi programan sartzea erabaki zuen eta ondorioz agentziaren partaide guztiek derrigorrez hartu behar izan dute parte satelitearen garapenean. 1984.ean eraikitzen hasi ziren eta 1988.eko maiatzetik hona jaurtiketa-txanda iristeko zain egon da.

Hipparcos satelitearen lana bikaina izan daiteke. Izan ere Lurretiko behakuntza astronomikoa eragozten duten oztopoak (atmosfera, grabitatea eta tenperatura) saihestuko bait dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila