Errusiaren iparraldean Eskandinaviaren ondoan dagoen Kola izeneko lurmuturra, tundra guztian gehien poluitutako zona da. Arrazoia, nikela lortzeko dagoen lantegi erraldoia da. Arazoa konpontzearren Outokumpu konpainia finlandiarra eta Elkem konpainia norvegiarrak aurkeztutako plangintzaren arabera, sulfuro-emisioa % 95 murriz daiteke eta metal astunena % 98.
Nikela lantzeko lantegiko jabeek aipatu proposamena onartuko balute, eraldaketa 1995. urterako bukatuko litzateke. Gainera, Finlandiako, Norvegiako eta Suediako gobernuek 600 milioi dolarreko diru-laguntza ematea erabaki dute.
Errusiako ekologistek aspaldidanik plazaratu zuten bere kezka nikela lortzeko lantegiak sortzen zuen poluzioa zela eta, baina orain dela gutxi arte Kola lurmuturra zona militarra izan denez ez zen eztabaidarik onartzen. Oraindik ere poluzioaren eraginez inguruko jendeak jasandako eraginaren estatistika fidagarririk egon ez arren, bertako doktoreek Nikel izeneko hirian bizi den jendearen %90ak nerbio- zein arnasketa-arazoak izan dituztela diote.
Orain dela gutxi ALL-Union Radio izeneko irratiak egindako erreportaia batean, Nikel inguruko 700 kilometro karratuetan bizi-aztarnarik ez dagoela adierazi dute; zuhaitzak, arraiak, perretxikoak, intsektuak, belarra eta fruituak desagertu egin dira. Gainera, lurmutur horretako animaliarik ezagunena, hots, oreina, arrisku bizian dago; bere ingurugiro naturala ia desagerturik bait dago.
Norvegiako Ingurugiro-Ministraritzak orain dela bi urte Kola lurmuturrean segimendu-zentruak instalatzeko baimena lortu zuen eta epe labur honetan lortutako datuak oso adierazgarriak dira. Adibidez, bertako jendeak duen bizi-itxaropena 42 urtekoa da, gutxi gorabehera.
Baina, berpizte-plangintza martxan jarriz gero, hemendik lau urtera gaur egun hilerri dena paradisu izan daiteke. Beraz, natura akabatzerik ba al dago?