Ikerketan parte hartu du Leioako campuseko Biofisika Unitateak
GIBaren aurrean zelulak babesteko modu erabat berria garatu dute Biofisika Unitateko zuzendari Felix Goñik gidatutako ikerketa batean. Haien hitzetan, "zelulei koraza bat janztea" lortu dute.
Hain zuzen ere, GIBak zeluletara sartzeko erabiltzen duen estrategia oztopatzean oinarritu dira ikertzaileak. Berez, GIBa ez da edozein lekutatik sartzen zeluletara; mintzaren eremu jakin batetik sartzen da, esfingolipidoen eremutik. Ikertzaileek horretan jarri dute arreta, eta eremu hori nola babestu ikertu dute.
Hala, frogatu dute eremua zurrundu egiten dela esfingolipidoetan lotura bikoitza sartzen duen entzima inhibituz gero. Esfingolipidioen ordez, dihidroesfingolipidoak sortzen dira, eta, zurruntzearen ondorioz, GIBaren eta zelularen mintza ezin dira fusionatu. Hortaz, GIBak ezin du zelula infektatu. Horregatik esan dute ikertzaileek zelulari "koraza" jarri diotela.
Felix Goñik adierazi duenez, zurruntzeak ez dio zelularen funtzionaltasunari eragiten. Horrez gain, entzima bi eratara inhibi dezaketela azaldu du Goñik: "ikerketan parte hartu duen taldeetako batek garatutako molekula baten bidez, edo RNA inhibitzaileen bidez entzimari dagokion genea desaktibatuta". DES1 da gene hori.
Biofisika Unitateko taldeaz gainera (CSICen eta EHUren arteko zentro mistoa da unitatea), Espainiako Bioteknologia Zentrokoak (CSIC, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) eta Kataluniako Kimika Aplikatuko Institutukoak (CSIC, Bartzelona) parte hartu dute ikerketan. "Hiru urte iraun du ikerketak --zehaztu du Goñik--. Ez da denbora asko, baina kontuan izan behar da denok ere aspalditik ari garela ikertzen arlo honetan. Gainera, lehenengo bi urteak gogorrak izan dira, ez baikenuen emaitza onik lortzen. Bukaera aldean etorri dira lorpenak".
Cell taldearen Chemistry&Biology aldizkari ospetsuan argitaratu dituzte emaitzak. Artikuluan puntu hauek nabarmendu dituzte: frogatu dutela, hasteko, dihidroesfingolipidoek eremu zurrunak eratzen dituztela zelula ereduen mintzetan; horrez gain, DES1 inhibitzeak dihidroesfingolipidoak ugaritzen dituela zelula bizien mintzetan; GIB-1ak zelula infektatzea eragozten duela DES1 jarduera kimikoki edo genetikoki blokeatzeak; eta, azkenik, dihidroesfingolipidotan aberatsak diren mintzek ez dutela GIB-1arekin fusionatzeko joera.
Edonola ere, terapian aplikatzerako "luze" joko duela ohartarazi du Felix Goñik: "Hori lortzeko, oraindik lan asko egin behar da, eta, lehen-lehenik, ikerketa finantzatuko duen norbait behar dugu". Oraingoz ez dute dirurik, baina nabari da lanerako gogoa ez zaiela falta.