Hiesaren aurka, umeez ahaztuta

Ikertzaileen lanari esker, hiesari aurre egiteko botika gero eta hobeak daude, baina, betiere, helduei begira egiten dituzte ikerketak. 2003an, 15 urte baino gutxiagoko 700 mila haur infektatuta.
P. VIROT / WHO

Ikertzaileen lanari esker, hiesari aurre egiteko botika gero eta hobeak daude, eta diagnostikatzeko metodoak ere etengabe ari dira hobetzen. Baina, betiere, helduei begira egiten dituzte ikerketak.

Hori salatu dute hainbat adituk, eta gogorarazi dute, herrialde garatuetan ez bezala, gainerako herrialdeetan hiesak infektatutako haurrak asko eta asko direla. Hain zuzen, 2003an, 15 urte baino gutxiagoko 700 mila haur infektatu ziren, gehienak Saharaz azpiko Afrikan. Halaber, hiesa duten haurren erdia baino gehiago bi urte bete baino lehen hiltzen da.

Antza denez, arazoetako bat da diagnostikatzeko modu egokirik ez dagoela. Izan ere, 18 hilabete baino gutxiagoko haurretan, ohiko testek positibo faltsuak ematen dituzte, amaren antigorputzak detektatzen baitituzte.

Bestetik, umeak tratatzeko badaude xarabeak, baina dosiei eta eraginei buruzko ikerketa gutxi egin dira, eta gainera oso garestiak dira. Horretaz gain, xarabe gehienak urarekin nahasi behar izaten dira, eta Afrikako zenbait herrialdetan benetan zaila da ur garbia lortzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila