Aldizkarietako albisteei begiratuz gero, joan den ekainaren hasieran Berlinen egindako nazioarteko bilkuratik itxaropen handirik gabe atera da jendea. Izan ere, emaitzak ondoko hauek izan dira: ezer berririk ez dago eta 2000. urterarte ez da txertorik edo erremedio berririk espero.
Egia esan, orain arte Frantzian pertsona seropositiboekin HIV-ren kontrako txertoa probatzen ari zirela aipatu da. Estatu Batuetan ere, Jonas Salk biologoaren (polioaren kontrako txertoa prestatu zuen biologoaren) taldeak txerto “terapeutikoaren” berri eman du. Berrogeita hamar pertsona seropositibotan probatutako txertoen ondorioz emaitza uniformeak ez dira lortu, baina inmunizazio-sistema indartu egiten da eta odolean HIV-ren tasak txikiagoak dira.
Salk jaunaren taldekoek diotenez, batetik birus honi denok ez diogu berdin erantzuten eta bestetik HIV birusarekin harremana seropositiboek baino gehiagok eduki dute.
Emaitzak ez dira guztiz itxaropentsuak, baina pertsona batetik bestera desberdinak izan daitezke. Txertoaren arloan, tximinoak babesten dituen maila berean gizakientzat ere beste bat prestatzeak ez dirudi oztopo gaindiezinak aurkeztuko dituenik. Birusak inmunizazio-sistema hondatzeko egiten duen lanari kontra egiteko, oraindik ere bide asko dago ikertzeko. Jadanik zientzilariek badakite inmunizazio-sistema nola eta zergatik hondatzen den.
Kanadako Britainiar Columbian Hoffmann eta Kion jaunek frogatu dutenez, sagu osasuntsu bati beste sagu osasuntsu baten zelulak injektatzen zaizkionean, HIV birusa sartzen zaionean bezalako antigorputzak sortzen ditu. Misterio hau argitu ahal izan dute, eta arrazoia, birusak antigorputz-molekulako MHC zati bat imitatzea da. Horregatik gizakiaren inmunizazio-zelulak CD4 linfozitoak daudenean deuseztu egiten dira infekzioan. Beren ADN-an birusaren MHC arrotzak babestuz, defentsa-sistemarentzat zelula arrotz gisa agertzen dira.
Gaur egun ikerketa-lerro batek MHC zati hori desantolatu egin nahi du, infektatuta badaude ere, linfozitoak suntsi ez daitezen.
Garbi dago, beraz, itxaropentsu izateko arrazoiak ere badaudela.