Greziako Alexander Fleming ikerketa-zentroko ikertzaile batzuek frogatu dute Drosophila melanogaster euliek hidrogenoa eta deuterioa bereizten dituztela usaimenaren bitartez. Haien ustez, emaitza horrek indartu egiten du bibrazioen bidezko usaimenaren teoria, baina teoria hori ez da onartuena, eta piztu egin da eztabaida.
Usaimenaren mekanismoa azaltzeko teoria onartuena da usain bakoitzarentzat errezeptore espezifiko bat dagoela sudurrean. Hipotesi horren arazoa da usain asko daudela, eta nekez izango dituela gorputzak hainbeste errezeptore-mota. Beste teoria baten arabera, sudurrak molekulen bibrazioak detektatzen ditu, eta bibrazio-modu gutxi batzuk konbinatuz usain asko hautematen ditu. Hala ere, teoria hori frogatzea oso zaila da.
Greziako ikerketan, hidrogenoa eta deuterioa erabili dituzte hipotesi hori frogatzen saiatzeko. Atomo beraren bi isotopo izanik, edozein substantziaren hidrogenoa deuterioarekin ordezkatuta ere, substantzia bera da. Hala ere, substantzia horren bibrazio-moduak aldatu egiten dira. Lehen teoria zuzena balitz, hidrogenoak deuterioarekin ordezkatzeak ez luke substantziaren usaina aldatuko, eta bigarren teoria zuzena balitz, aldiz, bai.
Euliek usain ezberdina antzeman diote azetofenonari--haien gustuko substantzia bati-- bi kasuetan; alegia, bibrazioen teoriaren aldeko emaitza izan da. Hala ere, eztabaida ez da bukatu, zientzialari batzuek ez baitute uste aldaketa benetan bibrazioaren ondorioa denik.