Washington Unibertsitateko ikertzaileek hidrogeno-ekoizle apropos bat aurkitu dute: Cyanothece 51142 zianobakterioa. Bakterio hori 1993an identifikatu zuten, Texasko kostan. Gerora egindako ikerketetan, ikusi dute egunez eta gauez ziklo desberdinak dituela: egunez fotosintesia egiten du; gauez, berriz, nitrogenoa hartzen du airetik, amoniakoa sortzeko, eta hidrogenoa askatzen du albo-produktu gisa. Interesgarriena ez da hori, ordea, baizik eta gaueko zikloa oxigenoa dagoela ere egin dezakeela.
Izan ere, orain arte ezagutzen ziren mikroorganismo hidrogeno-ekoizleek oxigenorik gabeko inguruan baino ezin zuten sortu gai hori, eta horrek asko garestitzen zuen prozesua eskala handian. Gainera, Cyanothece 51142 bakterioaren ziklo zirkadianoa aldatzea lortu dute ikertzaileek, are hidrogeno gehiago ekoitz dezan.