Hibernatze tropikala

Lemure isatslodiak hibernatu egiten duela baieztatu dute orain zoologoek.

Zoologoek argi zuten lemure isatslodiak egoera 'geldo' batean egiten zituela zazpi bat hilabete. Eta animaliaren tenperatura aztertuta, hibernatu egiten duela baieztatu dute orain zoologoek.

Harrigarria da; ez dago hibernatzen duen beste ugaztun tropikalik, zientzialariek dakitela. Normalean, tropikoan bizi diren animaliek ez dute horrelako estrategien beharrik, estrategiaren helburua neguko hotzari aurre egitea baita. Kasu honetan, ordea, urtaro lehorrenei aurre egiten lagunduko lioke hibernatzeak lemureari, janaria aurkitzea zailagoa izaten baita hilabete horietan.

Zuhaitzetan hibernatzen du lemureak, ondo itxita dauden enborretako zuloetan. Han, erraz kontrolatzen du gorputzaren tenperatura. Hala ere, tropikoetan eta negu hotzeko tokietan hibernatzea ez da berdin-berdina. Lemureak 'esnatu' egin behar du noizean behin gorputzaren tenperatura hogeita hamar gradu ingurura arte berotzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila