Hesteetako mikrobioen arabera sailka daitezke pertsonak

Hesteetako mikrobioen arabera sailka daitezke pertsonak
2011/06/01 | Elhuyar
Bakterio batzuei mikroskopio elektronikoz ateratako irudia, koloreztatua. Arg.: Bruce Arey/EMSL/Creative Commons/aitortu eta partekatu baimen beraren arabera.

Hiru enterotipo nagusi daudela aurkitu dute ikertzaileek

Pertsonak odol-taldeen arabera sailka daitezkeen bezala, enterotipoaren arabera ere bana daitezkeela diote nazioarteko zenbait ikertzailek, hainbat pertsonaren hesteetako mikroorganismoak aztertuta. Ikertzaileen esanean, emaitza interesgarria da medikuntzaren aldetik, gaixotasun jakin batzuk izateko arriskuarekin edo tratamenduekiko erantzun jakinekin erlazionatu baitaiteke enterotipoa.

Nature zientzia-aldizkari ezagunean argitaratu dute ikerketa. Haiek jasotako datuetan ez ezik, aurrez beste ikerketa-talde handi batzuek egindako azterketetan ere oinarritu dira, hala nola NIH Estatu Batuetako Osasun Institutuaren eta Europako Batasunak finantzatutako MetaHIT partzuergoaren ikerketetan.

Hain zuzen ere, hesteetako floraren geneen eta gaixotasunen arteko erlazioa aurkitzea eta aztertzea da MetaHITen helburua. Iaz giza hesteetako geneen lehen katalogoa argitaratu zuten, eta, orain, datu horiek erabili dituzte, beste batzuekin batera, ikusteko ea badagoen antzekotasunik jatorri, adin, kultura, sexu eta osasun-egoera desberdinetako pertsonen hesteetako mikroorganismoetan.

Eta, ikertzaileen harridurarako, ikusi dute badaudela hiru talde nagusi, baina aurreko faktoreak ez direla erabakigarriak talde batekoa edo bestekoa izateko. Talde bakoitzari enterotipo deitu diote, eta badirudi enterotipo bat izan edo bestea izan pertsonek joera handiagoa edo txikiagoa dutela gizentzeko, eta era batera edo bestera erantzuten dietela tratamenduei.

Hala, enterotipoak bakterio-genero nagusiaren arabera izendatu dituzte: Bacteriodes, Prevotella eta Ruminococcus . Lehenek karbohidratoak zatitzen dituzte; beraz, litekeena da talde horretako pertsonek obesitate-arazoak izatea. Prevotella generokoek, berriz, hestetako mukosa degradatzen dutenez, talde horretako pertsonek hesteetako hantura izateko joera izango lukete. Eta, azken taldekoek baliteke gizentzeko joera izatea, Ruminococcus generoko bakterioek azukreak xurgatzen laguntzen dutelako.

Dena dela, jasotako informazioa sendagileentzat erabilgarria izateko oraindik ikertzen jarraitu behar dutela ohartarazi dute ikertzaileek.

1
276
2011
6
013
Medikuntza; genetika
Albisteak
21
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila